5. Justizia
1. Arloa kopurutan
Justiziaren alorrak 2012. urtean zehar 34 jarduera-eskaera erregistratu ditu guztira, hau da, urtean zehar Arartekoak izapidean onartutako guztien %1,34. Hona hemen arlokako banaketa:
– Justizia Administrazioaren eta bulego judizialaren funtzionamendua.....18
– Doako laguntza juridikoa.....5
– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoak.....4
– Beste elkargo profesional batzuk.....3
– Justizia administrazioaren giza-eta diru-baliabideak.....2
– Herritarren eskubideak.....1
– Beste alderdi batzuk.....1
Arlo honetan jasotako gainerako erreklamazioak, formalki baztertu behar izan ditugu, horien gaineko eskumenik ez genuelako. Zenbait kasutan, partikularren arteko gatazkak izan dira; beste zenbaitetan, berriz, Estatu zentraleko administrazio-organoen jarduketen aurkako kexak izan dira, eta, beraz, estatuko gure homologoari helarazi dizkiogu horiek. Gainerakoak auzitegien erabakiekin ados ez egoteagatik sortu dira, eta haien independentziak galarazi egiten du jurisdikziotik kanpoko instantziek kontrola ditzaten. Horregatik, kexek auzibidean zeuden auzien ebazpen edo izapideari eragiten ziotenean, kasuan-kasuan bidezko ziren errekurtso-bideetara igorri behar izan ditugu beroriek planteatu dituzten pertsonak; eta gobernu izaerako kontuei buruzko auziei dagokienez, berriz, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari, Fiskaltzari edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Ikuskaritza Zerbitzuari eman diegu horien berri.
2. Kexarik aipagarrienak
Ondoren aipatuko ditugun bi kasuek Justizia arloak Arartekora kexa jartzera etorri diren herritarrei emandako laguntza azaltzen dute:
2.1. Gasteizko Justizia Jauregiko Osoko Balorazio Forentseko Unitatearen instalazioetako pribatutasun baldintzak
Salatutako egoera: Gasteizko Justizia Jauregian dagoen Osoko Balorazio Forentseko Unitateak herritarrei arreta eskaintzeko dituen baldintza materialen inguruan jasotako hainbat lekukotzen ondoren, erakunde honek espediente bat ireki zuen erabiltzaileen intimitatea zaintzeko egokiak ote ziren zehazte aldera. Jasotako erreklamazioen arabera, horiek aztertzeko erabiltzen den aretoa unitateko gainontzeko erabiltzaileen itxarongelaren alboan dago, manpara batekin besterik ez banatuta, ate batez gain. Horrela bada, harrera-gelatik zailtasunik gabe entzuten da azterketa bideratzen den aretoan tonu arruntean bideratzen den edozein elkarrizketa.
Hala azaltzen zigun, adibidez, aipatutako itxarongela horretan beste pertsona batzuen alboan eserita esperoan zegoen emakume batek, semea unitateko langileek aztertzen zuten bitartean: azaldu zigunez, bera zegoen lekutik argi eta garbi entzun ahal izan zuen bere semeak, manpararen bestaldean, bere aitaren eta aitonaren aldetik jaso zituen sexu-abusuak kontatzen zituela, bere alboan eserita zegoen beste erabiltzaile batek harriduraz begiratzen zuen bitartean.
Arartekoaren esku-hartzea: Erakunde honetako langileak Gasteizko Justizia Jauregira joan ziren eta bertan egiaztatu zuten balorazio unitate horrek zerbitzua emateko erabiltzen dituen instalazioen baldintza materialak deskribatutakoak zirela, bai aipatutako eremuen kokapenari dagokionez, bai horietako batetik bestean esandakoa –ozen hitz egin gabe- entzuteko aukerari dagokionez.
Hori zela-eta, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailera zuzendu ginen, egoera azaltzeko eta azterketa horietan pribatutasuna bermatzeko beharra gogorarazteko, are gehiago bertan jorratu daitezkeen gaien izaera kontuan hartuta.
Emaitza: Sailak instalazioak ikusi zituen eta aipatzen genuen barrera fonikorik ez zegoela antzeman zuen. Irregulartasun hori konpontzeko helburuarekin, egituran erreformak eta aldaketak agindu zituen. Horien eraginkortasunak, nolanahi ere, erakunde honen jarraipenaren helburu izaten jarraituko du.
2.2. Frantzian hildako Arabako mendizale baten heriotza erregistratu gabe
Salatutako egoera: Gasteizko herritar bat Defentsa-erakunde honetara jo zuen semearen heriotza-ziurtagiria lortu ezin zuelako. Semea duela 15 urte hil zen Frantziako Pirinioetan gertatutako mendiko istripu batean.
Heriotza istripua jazo zeneko herriko udal agintariek emandako aktan jasota geratu zen. Espainiako kontsula herri hartaraino joan zen familiari zegokion izapideekin laguntzeko. Hala ere, ez zegoen Erregistro Zibil Zentralean inskribatuta, horrek hildakoaren gurasoei jakinarazi zienez Gasteizko Erregistro Zibilaren bidez semearen heriotza-ziurtagiria eskatu zutenean. Familiak azken horretara jo zuen bakoitzean egoera argitze aldera, lortzen zuten erantzun bakarra heriotza inon jasota ez zegoela izaten zen. Ondorioz, erreklamatzaileari eskaera ukatzeaz gain, semeak ofizialki bizirik jarraitzen zuen eta, hil eta hamabost urte ondoren, mota guztietako administrazio eskabideak jasotzen zituen bere izenean. Horrek senideengan eragiten zuen kalte moralaz gain, heriotza egiaztatu ezin izateak arazo praktiko nabarmenak eragiten zizkien, bai ondareei zegokienez bai ondorio fiskal eta oinordetzakoei zegokienez.
Arartekoaren esku-hartzea: Egiaztatu genuenez arazoa sortu zen, arrazoiren batengatik, heriotza ez zelako bere garaian kontsuletxeko bulegoan jasota geratu, bertako arduradunak zegozkion izapideak bideratu zituen arren. Erregistro Zibilaren araudian egoera horietarako xedatutako prozeduraren berri eman genion familiari, hau da, Erregistro Zibil Zentralean, Gasteizko Erregistro Zibilaren bidez, epez kanpoko inskripzioa eskatu beharko zuten. Bagenekien, hala ere, horretarako asko itxaron beharko zutela, Erregistro Zibil Zentralean metatzen den atzerapena zela-eta. Ondorioz, eta familiak horren gai mingarrian hari egotzi ezin zitzaion akats batengatik urte horietan guztietan pairatu zuen informazio falta kontuan hartuta, Pauen dagoen Espainiako Kontsulatu Nagusiarekin harremanetan jartzea erabaki genuen, arazoa konpontzeko bide zuzenagoa aztertzeko helburuarekin: Defentsa-erakunde honek –eskubideak bermatzen dituen erakunde gisa– eska ziezaiola Kontsulatuari bere Erregistroan inskribatu zezala, gure erreklamatzaileak zentzu horretan egindako eskaera egiaztatuz eta, beharrezkoak ziren gainontzeko agiriekin batera, heriotza gertatu zeneko lekuko udalak bere garaian eman zuen akta eskainiz.
Emaitza: Kontsulatuak gure eskaera azkar eta eraginkortasunez bideratu zuen. Heriotza bere Kontsulatu-erregistroan jaso zuen eta inskribatze horren hiru kopia konpultsatu bidali zizkigun, berehala familiari helarazi genizkionak ondorio guztietarako erabil zitzan, gertatu zen moduan.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Aurreko urteetan Justizia Administrazioak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea okerragotzeko arriskua zegoela ohartarazi genuen, eskura dituen bitartekoen murrizketen ondorioz. Arrisku hori areagotu egin da krisi ekonomikoak, aurten gertatu den moduan, bere izaera sistemikoa azaldu duen heinean ezagutzen genuen ongizate estatua mehatxatu arte.
Hori esatean, ez dugu soilik esan nahi krisiak, jasotako kexek adierazten duten moduan, gure epaitegiei baliabide material eta giza baliabide nahikoak eta ongi kudeatuak eskaintzeko beharrezkoak diren hobekuntzen erritmoa mantsotu duenik. Horrez gain, kexa horiek, orain arte inoiz gertatu ez den moduan, justiziak, botere publikoa den heinean, herritarren askatasuna eta berdintasuna benetakoak bihurtuko dituzten baldintzen sustapenean konstituzionalki esleituta duen zeregina apelatu dute. Eta halako baldintzek, hizpide dugun urtean zehar, okerrera besterik ez dute egin.
Testuinguru horretan antzeman ditugu urtean zehar onartutako edo iragarritako arauzko aldaketak, baita operadore juridikoen artean eragin dituzten erantzunak ere. Beharbada esplizituena euskal epaileek, Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuen batzordearen bidez, jurisdikzioaren erabilera baldintzetan euren ustez gertatzen ari den narriatze larriaren inguruan burututako salaketa izan da. Narriatze hori, haien ustez, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1935 Lege Organikoa aldatzen duen Justizia Administrazioko aurrekontuen eraginkortasunerako neurriei buruzko abenduaren 27ko 8/2012 Lege Organikoan gaineratutako batzuek bultzatu dute. Hala baieztatzean, euskal auzitegi goreneko magistratuak ez ziren bakarrik ezta nagusiki ere neurri horietatik sortutako korporazio egoerei –bajak, baimenak, ordezkapenak– buruz ari. Bereziki azpimarratzen zuten horiek, onartzekotan, justizia ‘garestiagoa eta mantsoagoa’ bihurtuko zutela eta, gainera, “epaile gutxiago eta baliabide gutxiago” egongo liratekeela. Gasteizko Epaileen Batzordeak erreformaren “konstituzio kontrakotasuna” aipatu zuen, eta Donostiakoak “justizian inbertitu ez izana, plazen izoztea, sistemaren mantsotasuna eta eraginkortasun falta edo epaitegi bakoitzaren lan-karga zehazten duen azterlanik ez egotea” salatu zuen.
Ildo berean, abokatutzaren kasuan, Doako Justiziaren araudi berriarekiko aurrez aurreko aurkakotasuna aipatu beharra dago, ekainaren 19ko 110/2012 Dekretuan jasotakoa. Irailaz geroztik indarrean dagoena, gure erkidegoko hiru abokatuen elkargoek ez eraginkortzat eta bidegabekotzat jo zuten, atzerapen burokratikoen, profesionalentzako babesgabetasunaren eta justiziapekoarentzako defentsa-gabeziaren iturri gisa ikusten baitute. Txosten hau itxi zen egunean horregatik guztiarengatik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean errekurtsoa aurkeztuta zegoen.
Tasa judizialen araudi berriarekiko kritikak ezohiko guztien adostasuna izan zuen ezaugarritzat. Tasa horiek iragarri izanaren ondorioz, azaroan, indarrean sartu aurretik, epaitegi batzuk lanez gainezka egon ziren demanda ugari aurkeztu zirelako tasak ordaindu behar ez izateko. Euskal epailetza, fiskaltza eta abokatutzako ordezkari gorenek tasak “neurriz kanpokoak direla eta herritarrak Justizia Administrazioarekiko izan behar duen irismenarekin loturarik ez dutela” adierazi zuten.
Balorazio horiek operadore juridikoen artean izan duten adostasuna nabaria da, baita haren ikusgarritasun publikoa ere epaitegien ateetan. Baina are aipagarriagoa da, gure ustez, sistema baten funtsezko alderdietan duen eragina, beharbada, orain bezain nabarmenagoa inoiz izan ez den oinarrizko kontrastea sortzen duena: Zuzenbide Estatu Sozial eta Demokratiko batean Justiziak duen zeregina une honetan bete behar duenaren kontra jartzen duena. Azken hori bi faktorek zehazten dute: alde batetik, herritarrek epaitegien ateetan aldarrikatuta ikusten dituzten eskubideak bere osotasunean eraginkor bihurtzeko beharrezkoak diren giza baliabiderik eta baliabide materialik ez egotea; bestetik, une honetan dagoen legeriaren ondorioz auzitegiek, hainbat alorretan, euren erabiltzaileen artean gero eta ohikoagoak diren pobrezia, ahulezia edo gizarte bazterkeria egoerak larriagotzen edo kroniko bihurtzen dituzten ebazpenak hartu behar izatea.
Hipoteka maileguak ez ordaintzeagatik bideratutako kaleratzeen arloan gertatutakoak beste edozein esparruk baino hobe islatzen du kontraste hori. Arazoaren jatorri sistematikoak eta gizarte maila askotara izandako zabaltzeak, sortu izan dituen ezbehar pertsonalak ahaztu gabe, aipatu izan dugunaren paradigma bihurtzen dute. Horrela bada, martxoan bankuetako Jardunbide Egokien Kodea onartu zen arlo honetan, baliabiderik ez duten hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege Dekretuan eranskin gisa gaineratutakoa. Esku hartzen duten erakundeek nahi izanez gero bete beharrekoa, praktikak baieztatu zuen eragindakoek babes gutxi lortu zutela horren bidez. Pertsona horietako batek bere buruaz beste egitean, arrazoi berarengatik gertatutako ez lehena ez azkena izango ez zena, euskal epaileek gainontzeko botere publikoak ohartarazi zituzten. Baita gizartea ohartarazi ere, eta haientzat euren auzitegien ekintza hori erreferente bat izan zen, bai maila juridikoan bai etikoan. Bilboko Epaileen Batzordeak gertakari horien ondoren kaleratzeen kasuetarako jarduera protokolo bat onartu zuen, ostean EAEANk babestu zuena, eginbide judizial berri bat irekitzeko helburuarekin lehen inolako alegaziorik egiteko aukerarik ez zegoen lekuan, eragindakoak euren abokatuaren bidez entzun ahal izateko. Eginbide berri horri esker, berehalakoak diren kaleratzeak eten ahalko dira 27/2012 Errege Lege Dekretuan xedatutako kasuetan. Dekretu hori, bazterkeria arrisku berezian dauden familien kaleratzeak bi urteko eperako berehala eten ahal izateko onartu zen.
Nolanahi ere, aipatutako lehen faktorea uneko egoera ekonomiko kaltegarriari leporatu dakiokeen bitartean –behintzat neurri batean–, bigarrena botere publikoek arazoen oinarrien inguruan jarduteko duten borondate eta ahalmen politikoari egozten zaio. Horrek azaltzen du gure jardueraren alor honetan urtean zehar jasotako kexen nahigabea, baita eskubideak bermatzen dituen erakunde bat, testuinguru honetan, azaltzen diren kontuei erantzun sistematikoak ematera ez mugatzeko beharra ere, izan ere, kexa horietan sistemak berak sortu dituen disfuntzioak identifikatu behar ditu, dagokion moduan jarduteko.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Bilerak elkarteekin
Arartekoarekin elkarrizketatu nahi izan diren tokiko zein nazioarteko GKE eta elkarteetatik jasotako eskaerak bideratu ditugu. Bertan, zigor prozesuaren esparruan giza eskubideen berme-sistemaren birtualtasunari zein jurisdikzio zibilean, lan-arloko jurisdikzioan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan auzialdi bikoitzeko sistema hobetzeko herritarren legegintza-ekimenei buruzko informazioa jaso nahi zuten.
4.2. Bilerak erakunde eta korporazioetako arduradunekin
Erakunde arteko lankidetza, ezinbestekoa Arartekoaren lanerako, bereziki da ezinbestekoa hizpide dugun jarduketa-eremuan. Hori dela-eta, erakunde honentzat garrantzi handia dauka Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salarekin lankidetzan aritzea. Lehendakariarekin biltzeaz gain, epailetzako hainbat kiderekin lan-bilerak izan ditugu gure ebazpenak burutze aldera, bai zigor betearazpenaren esparruan bai familiaren jurisdikzioarenean.
Iraunkorra izan da, bestalde, EAEANko Gobernu Idazkaritzarekin izan dugun harremana, baita lurralde historiko bakoitzeko Idazkaritza Koordinatzaileekin izandakoa ere, helburu bikoitzarekin: alde batetik, Bulego Judizialaren egoera ebaluatzea gure eskumeneko alorrean gaineratutako politika publikoen mendeko alderdiei dagokienez; bestetik, herritarrak erakunde honetara jotzera bultzatu dituzten epaitegien funtzionamendu-arazoak konpontzea. Helburu horretarako Fiskaltza Nagusiarekin ere lan egin dugu, hiru probintzia fiskalburuekin bezalaxe. Horien lankidetza arina eta eraginkorra izan da erakunde honek eskatutako gai guztietan.
Korporazio profesionalei dagokienez, hiru lurralde historikoetako Abokatuen Elkargoekin garatutako lana doako justiziari eta lanbidearen kontrol deontologikoaren prozedura-bermeei buruzkoa izan da.
Urtean zehar hainbat bilera egin ditugu Justizia Sailburuordetzako eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko arduradunekin, bai Helduen Justiziari, bai Adingabeen Justiziari dagokionean. Justizia Administrazioarekin dituzten lankidetza zerbitzuak bisitatu ditugu, baita Gasteizko Justizia Jaurerriko Osoko Balorazio Forentseko Unitatea ere.
4.3. Inkomunikazio-araubidean atxilotutako pertsonen berme-sistema hobetzeko neurriei buruzko gomendioen jarraipena.
Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko Epaitegi Zentralen aurrean neurri horien aplikazioaren inguruan galdetu dugu, inkomunikazio-araubidean atxilotutako pertsonen senideetatik zentzu horretan jaso genuen eskaera zela-eta. Zentzu berean Espainiako Herriaren Defentsa-erakundera zuzendu gara, Tortura Saihesteko Mekanismo Nazionala den heinean.
Gure proposamena ezarri ez izanaren inguruan Europako Kontseiluko Tortura Saihesteko Batzordeari zein Amnesty International erakundeari mintzatu gatzaizkie, horien arduradunekin bildu baikinen Eusko Legebiltzarrera egindako bisita zela-eta.
Jarraipen horren esparruan Ertzaintzaren hainbat komisaria bisitatu ditugu, txosten honetan Herrizaingo alorraren inguruan jorratutako atalak islatzen duen emaitzarekin.
4.4. Azkenik, erakunde honek parte-hartze handia izan du arloan jorratutako gaien inguruko ekitaldietan, hitzaldiak ematen eta materialak egiten; horien artean hauek nabarmendu ditzakegu:
Euskal Herriko Unibertsitatea: Esku-hartze penalaren esparruan dauden uneko joerei buruzko txostena, Arartekoaren Bulegoaren esperientziatik abiatuta.
Espainiako Herriaren Defentsa-erakundearekin presondegietako esparruan buruko osasunarekiko arretari buruzko lan-mintegia
Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea: “UItima Ratio” printzipioak Europan une honetan duen birtualtasunari buruzko nazioarteko mintegia. Euskal Herriko egoerari buruzko aurkezpena.
Deustuko Unibertsitatea: elkarbizitzarako justiziari buruzko lan-mintegia. Ordainsari-justizia eta justizia leheneratzailea: artikulazioa terrorismoaren delituetan
4.5. Gomendio orokorrak
Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen funtzionamendua eta araudiaren inguruan gomendio orokorra burutu da, txosten hau argitaratzen den egunean dagoeneko argitaratuta egongo dena.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Ondoren azalduko ditugun kontuak, Arartekoak bere jardueraren alor honetan izandako esku-hartzeen ondorioz sortutakoak, Justizia Administrazioaren esparruan herritarrek dituzten eskubideen osasuna eta alor horretan garatutako politika publikoak hobetzeko dagoen marjina bereziki adierazten dituztela iruditu zaigu.